Loser maitea,
Goizean ere, lizeora joan aitzin, bainugelako mirailaren aitzinean plantatu ziraaaaah bainan zer da hori, zure sudur gainean?? Alimaleko zirtoina, botoina, monumentua plazaren erdi-erdian! Ez da posible, denek ikusiko dute lizeoan, eta Nafarroaren Eguna ere hor berean.
« Zer duk, Gartxot? » Zure orroetatik ama lasterka jin zaizu, eta amultsuki sesitu du zure problema. Krema bat luzatu dizu. Zuk añiketak behar, eta krema arma bakartzat. Gaixo ama, beharrik ez dakiela dena, munduko federik hoberenean hautatu zizun Gartxot izenak zenbat pairarazten dizun. Nor emanen da Gartxot batekin bikotean? Eta footean ari diren Terminalek ere, zu ikustean, GARSHOOT! oihukatu eta baloinez zu zanpatu beharrez hasten dira.
Beharrik fresko dela goizean, hola zure zapi palestinarraren azpian kukutzen ahal zarete, zure zirtoina eta zu, autobusean. « Egun on, Gartxot, zu ere eri zira? » Hortxe agertu zaizu Ganix, betiko laguna. Mila aldiz erran diozu boz hori ez hola ezartzea, bainan biziki apaletik kolpez biziki gorara pasatzen ahal denez, nahiago du entrebaleko gauza hori hartu mintzatzeko.
« Zer duzu? Ni konjonktivita batekin jeiki niz » Alafe, alimaleko luneten azpian, ezkerreko begia lingurda horail batez hetsirik dauka. Hori gauza zikina! « Omen eguerdiko hobeki izanen dela, hala dio amak ». Zure zirtoina erakutsi diozu, ez du deus erran. Ah ze parea heldu zareten lizeora, gerlara.
Nehork deus ikusi gabe iheska arribatu zarete Biologiako gelara. Klasea hasi gabe, irakaslea Ganixen gaitzaz ohartu da, eta sustengu aurpegia erakutsi dio. Bainan zuk, zure zapia kendu duzularik… mututurik gelditu da planto zuri so. Istanteko, gelako begirada guziak zuri buruz itzultzen senditu dituzu, Ganixek « Oh, ez! » desesperatu bat bota du, eta sahetsetik jin da lehen tiroa. « Oh my god, begira Gartxot! » Maika zure kuttunak bihotza porroskatu dizu, gelan holako HO! bat eraginez.
Oantxuflaietik Lagenancera, denetarik heldu zaizu belarrietara. « Euh, holako fenomeno bat, klasean ikertu behar genuke, ez? » Thibault, gelako BG-aren oharrak denak irriz zapartarazi ditu; irakasleari ere irriño bat ikusi diozu. Lasterka atera zira gelatik, Ganix kaderatik erori da.
Komunetan zira, zure menhirrari so mirailan. Amak beti erran dizu zirtoinak ez direla hunkitu behar, bainan hara, gaur da eguna ofentsa horren kentzeko aurpegitik. Zure erhi punta zorrotzenen artean tinkatu duzu botoina, bainan dios ez da tuntitu ere. Hamargarren entseguan, komunetako atea ideki da pollikiño. Thibault-ren buru perfektua atera da artekatik.
Zure Pontx sudurrarekin kramatu zaitu lanean. Kexu zira. « Kenduko dizut. Trebea naiz horretan bainan behar dut zure laguntza ». Thibault-k ere bere boza trafikatzen du. Trikota erditik zabaldu du, sorbaldak agerian ditu. Bere surflari kixkurrak altxatzen ditu: alimaleko zirtoina badu, zurea bezalakoa, soinburuan. « Elgarrekin eginen dugu. Zuk nerea, nik zurea ».
Elgarri lotuak zarete orain. « Bat, bi, hiru, altxaliliiiiiia! » Lehen ziliportek Thibault-ren bisaia zipriztindu dute. Jus zuraila batek gibeleko miraila urratu du. Porroskak badira kixkurretan, paretetan. Odoletan zirezte, elgarren idurian. Minez hatsankaturik, kopetaz kopeta ematen zarete, irriz. Ez duzu sekula ahantziko. Memento hau tinkatu nahi duzu betiko. Bide berrien hartzeko garaia da.