GURASOEN GALDERAK EUSKARAREN INGURUAN
Azken urteotan asko izan dira gurasoei zuzendurik eman ditudan hitzaldiak. Hegoaldean, hitzaldietan interpreteak erabiltzeko ohiturarik ez dagoenez, kasu batzuetan guraso euskaldunei zuzenduak, eta beste batzuetan erdaldunei zuzenduak. Ipar Euskal Herrian eman izan ditudan hitzaldi guztietan izan dira interpreteak, eta beraz, guraso euskaldunak eta erdaldunak nahasturik izan ditut entzule.
Hitzaldi horietan, hasi aitzin, post-it-ak banatu ohi ditut agertzen diren entzuleen artean, berauetan idatz ditzaten buruan dakartzaten galderak, zalantzak, kezkak, ilusioneak edo hausnarketak. Halaxe egin nuen Azkainen, joan den urtarrilaren (edo ilbeltzaren) 27an.
Eta hitzaldiaren hasieran aipatu nien bezala, Azkaineko gurasoak, euskaldunak nahiz erdaldunak, ez dira originalak haien kezketan. Aurreko urteetan, Iparraldeko beste herrietan, nahiz Nafarroan, Bizkaian, Araban edo Gipuzkoan, herri euskaldunagoetan edo erdaldunagoetan bildutakoak oso antzekoak direlako.
Eta zeintzuk dira, esate baterako, Azkainen jasotako galderak, eta leku gehienetan jasotzen direnak? Guraso euskaldunei dagokienez, batzuk nabarmentzekotan, hauek:
· Zer egin haurrak ez duelarik euskaraz mintzatu nahi? Haurrak erdaraz etengabe ari direnean, komenigarria al da euskaraz egin dezatela behin eta berriz errepikatzea?
· Zer egin behar dugu gogoa emateko haurreri euskaraz hitz egiteko?
· Zer egin euskara frantsesarekin nahasten dutelarik? Euskara maila kaskarra dutelarik?
· Zuk uste duzu gurasoak haurraren eredu izan arren, haur horrek ikastolako lagunen aurrean euskara lehenetsiko duela?
Eta guraso erdaldunei dagokienez:
· Guraso erdaldunek eredu izaiteko nola egin behar lukete? Gurasoak ez badira euskaldunak ere, eredu izan daitezke hizkuntza mailan?
· La culture dans la cellule familiale peut elle suffire à faire survivre une langue?
· Est-ce que l’environnement (langue différente) peut prendre le dessus sur la référence parental? (Dans le cas où la langue maternelle est différente du lieux où il vit).
· Les enfants vivent dans des environnements différents: famille, école, sport… Y a t’il un rapport de dominance de l’environnement sur l’utilisation de la langue chez l’enfant?
Galderen inguruko erantzunetan, ideia nagusi hauek nabarmendu ohi ditut, oso labur esanda:
• Familia guzietan oso garrantzitsua da gurasoek haurrei adieraztea, euskara maite dutela eta haiek euskaraz egin dezaten nahi dutela; dakitenek euskaraz eginez, eta ez dakitenek interesa agertuz, ikasketa-prozesua jarraituz, euskara etxeko hizkuntza bihurtuz (musika, ipuinak, telebista edo bideoak erabiliz). “Euskaraz egin” noizean behin esan daiteke, baina batez ere gurasoak eredu izanik eta euskararen aldeko praktika koherentea emanez gero.
• Euskaraz mintza daitezen, baitezpadakoa da, eskolatik edo ikastolatik landa ere euskaraz egingo dituzten jarduera edo aisialdi-ekintzetan parte hartzea, beste haurrekin haien gustuko jardueretan euskaraz egin dezaten eta euskararen bidez bizipen eta emozio positiboak izan ditzaten. Eta haurrek euskaraz egin ahal izateko aukerak bermatu beharko lituzkete herriko etxeek eta eragileek.
• Baita ere, familietan euskal kulturarekiko harremana bermatzea edo euskaraz egin dezaketen pertsonekin euskaraz egitera bultzatuz: auzokoak, dendariak, etab.
Gaiak askorako ematen du, baina gaurkoz hemen utzi beharko dugu.
Eta entzuleok! Aste honetan Tolosako Inauteriak hasiko dira. Gonbidatuta zaudete! Egun ona izan!
Kike Amonarriz Gorria