Katixa Dolhare Zaldunbide

2025 AZA. 19

Zoririk ez

Zoririk ez

Katixa Dolhare Zaldunbide.

Azken urte hauetan, jendartean sumatzen da isuri berezi bat gure iragana eta,

ondorioz, gure historia hobeki ezagutzeko. Begira zonbat fikzio historiko atera den

berriki, gure iragan hurbil edo urrunagokoa kontatzeko. Begira azken pastoralaren

gaia, Ürrats kolektiboak. Begira iaz Sarako Biltzarrak antolatu zuen liburuzainendako

egun profesionalaren gaia, Ipar Euskal Herriko historiografiaz. Begira zonbat film

ateratzen den, aitzineko garaiak ulertu nahian. Begira, bereziki, zer zoramen sortu

den Mattin Aiestaran arkeologoaren taldeko Leire Malkorrak 2021ean aurkitu

Irulegiko eskuaren inguruan: zonbat mintzaldi jendetsu, zonbat artikulu eta

erreportaia, zonbat kantu eta ipuin, zonbat ekoizpen eratorri, munduari adierazteko

euskaldunen arbasoek jadanik (proto)euskaraz hitz egiten zutela. Eta zoin hitzen

bidez jakin ahal izan dugu hori? Eskuan idatzia den “sorioneku” hitzaren bidez.

“Sorioneku”, edo, zergatik ez, “zorion leku”? Ze ba, zori onean sinesten ote zuten,

gure aurrekoek? Euskaldunak ez baikinen hasieratik populu madarikatu bat, Harkaitz

Cano eta Ximun Fuchs-ek Soflokes eta Mouawaden ildotik idatzi Nor naizen baneki

tragedia zirraragarriak erakusten duen bezala?

Ezen, herri madarikatu bat garela, galtzaileen herria garela, osoki uros izan ezin

garen herria garela da gure historiaz egiten dugun kontaketa, edo “eleberri

nazionala”. “Eleberri nazionala” da XIX. mendean sortutako kontzeptu bat: hori da

herri batek bere iraganaz egiten duen kontaketa mitifikatua. Estatua duten nazioetan,

erakunde ofizialek dute bideratzen “eleberri nazional” hori. Adibidez, Frantziakoa

oinarritua da hiru mitotan: unibertsalismoa (Frantziak dauzkan baloreek balio dukete,

berez, unibertso osorako), salbuespenismoa (Frantzia beste herriak baino hobea eta

handiagoa dateke), kolonialismoa (Frantziaren eginbeharra dateke bere baloreak

bortxaz hedatzea mundu guzian). Hori esplikatzen du O. Lecour Grandmaison

politologoak La Fabrique du roman national-républicain liburuan. Gure kasuan,

jendarteak berak du sortu bere “eleberria”: bere burua funtsezko biktimatzat hartuz,

kontatzen du nola erresistentzia herrikoiari esker duen irauten.

Bizkitartean, historialariek eta hizkuntzalariek azaltzen digute errealitatea

kontaketa horiek baino anitzez konplexuagoa dela: berriki atera den Iraganaren

lekuko. Euskal Herriaren historia liburuan, X. Irujo, U. Belaustegi eta I. Lopez de

Luzuriagak erakusten dute “historia ez d[el]a lineala, gatazka, egokitzapen eta

paradoxa askoren bilduma baizik”. Eta, beren gisara, hizkuntzalariek dioskute, egun,

zalantza handiak dituztela Irulegiko eskuan idatzitakoa baskoia eta euskararekin

lotzeko. J. Manterolak eta C. Mounole Hiriart-Urrutik, bereziki, demostratu dute ez

dela frogatzen ahal “sorioneku” hitzak zerikusirik ez daukala oraingo “zorion”

hitzarekin.

Egia zientifikoagatik behar ote lirateke, orduan, kontaketa nazionalak eta mitoak

gutxietsi eta baztertu, ipuin ezdeusak balira bezala? Preseski, ez. Bakoitzak badu

bere garrantzia. Zientziarik ez bagenu, eta geure artean ez balitz zientzialari

zorrotzik, itsukeriarat kondenatuak ginateke: historia berezirik gabe geldituko

ginateke, eta ez genuke etorkizun duinik eraikitzen ahalko. Baina “eleberri nazionalik”

edo mitorik ez bagenu, arimarik eta mundu ikuskera berezirik gabe ginateke,

erregairik gabe panan ginateke, geroari begira.

Gogoeta hori piztu zidan Nor naizen baneki Axut! konpainiaren sorkuntzak:

arkeologia eta psikoanalisia beharrezkoak zaizkigu, baina istorioak, mitoak eta

antzerkiak, literatura, beraz, berdin-berdin -ez bada gehiago. Gure almadiatik ariko

gara, beste aukerarik izan ezinean, oxala ez Géricault-renean bezala bukatzeko,

baina antzerkiko pertsonaiak bezala, elkartasunez, iluntasunetik argirantz ibiltzen,

Lurdes Iriondok eta bere lagunek hori irakatsi baitigute: hamahirurik ez, ez, zori

akabatzailerik ez dago.

Beste iritziak entzun