Frantses Kanonaren edo Canon Français-ren otorduaren kontrako manifestua izenpetu dutenetatik bi dira Xebax Christy eta Patxi Amulet. Frantses Kanonaren bazkarien gibelean eskuin muturraren ideia baztertzaileak, indarkeria eta pertsonen aurkako erasoak direla salatzen dute eta azaroaren 28an Miarritzen egin asmo duen oturuntzaren kontra mobilizatzeko elkartu dira.
Milaka lagun biltzeko deialdia zabaldu dute, bazkaria eginen den egun, gune eta tenore berean, Azaroaren 28an, Miarritzeko Irati gunean 11.00etan, irudi alai, koloretsu, jendetsu eta herrikoia eraikiz. Hori aitzin, beste hitzordu batzuk azpimarratu dituzte: heldu den astelehenean (azaroaren 2an) arratsaldeko 18.00etan Miarritzeko herriko etxearen aitzinean deitua den elkarretaratzean parte hartzera deitzen dute. Horrez gain, azaroaren 3an bilkura publiko bat antolatu dute Baionan Lan Burtsan, arratseko 19.00etan, mobilizazio kanpainan parte hartu nahi duten guztiei zuzendua.