Continental hotela okupatu eta egun batera, Euskal Hirigune Elkargoaren jabetzakoa den Donibane Garaziko suhiltzaileen egoitza ohia lortu du Garaziko Gaztetxeak. Irailaren 22a arte atxiki beharko lukete, Hirigune Elkargoaren berrien zain.
"Borrokak merexi du": mezu argiarekin eman diote ongi etorria sareetan Garaziko Gaztetxe berriari. Continental hotela zen eraikina okupatu zuten astelehenean eta argi adierazi "beste hauturik" ez zutela ukan, negoziaketak saiaturik ere. Kontrako iritzia agertu zaukun astearte goizean Laurent Inchauspe Donibane Garaziko auzapezak, Elkargoaren hainbat lokal mahai gainean zirela adieraziz. Bada, azkenean, okupazioaren ondotik Herriko Etxeak 2020an hustu zen Garaziko suhiltzaileen kaserna zaharra uztea erabaki du.
Izan ere, 100m² baino gehiagoko eraikina Hirigune Elkargoarena baldin bada ere, bere erabilpena Donibane Garaziko Herriko Etxearen esku da. Momentukotz, irailaren 22a arte GaGa han egoitea adostu dute, irailaren 21ean Herriko Etxea eta Hirigune elkargoa bilkura batean elkartuko baitira tratua ofizialki adosteko, edo ez. Hori dela eta, Continental Hoteletik joan dira gazteak.
Astearte arrats honetan aurkezpena egin diete Donibaneko herritarrei Gaztetxe berriko bisita eta lehen aperitifa eskaintzeko. Aste honetan aurreikusia zen programazioa Gaztetxe berrian antolatuko dute.