(Ipar EH)

Baxoan matematikako azterketa ezin izango da euskaraz egin, erabakia ulergaitza Seaskarentzat

Seaskak salatu du Bordaleko Akademiak matematikako baxoko azterketak euskaraz egitea debekatu duela, aurreko urteetako praktika etenaz. Erabakiak haserrea eta harridura piztu ditu.

Baxoan matematikako azterketa ezin izango da euskaraz egin, erabakia ulergaitza Seaskarentzat
Baxoa euskaraz aldarrikatzeko elkarretaratzea Baionako suprefetura aitzinean. EUSKAL IRRATIAK
Ximun Üthürralt
2026/04/15 11:15

Baxoko ikasleek ezingo dituzte matematikako azterketak euskaraz egin. Bordaleko Akademiak bere erabakia parlamentariei jakinarazi die, eta berehala piztu ditu erreakzioak: Peio Dufau EH BAIko diputatuak haserrea agertu du, eta Seaskako arduradunek ere harridura adierazi dute, tartean Erik Etxartek.

Seaskaren arabera, erabakia ulertezina da, kontuan hartuta aurrekariak: 2016tik 2019ra bitartean, ikasleek matematikako baxoko azterketak euskaraz egiteko eta gainditzeko aukera izan zuten.

Peio Dufau, diputatua.

Azken hilabeteetan hiru ardatzen inguruko eskaerak eginak zituzten: matematikako azterketak euskaraz egiteko aukera, ahozko handia euskaraz pasatzeko eskubidea, eta baxoaren etorkizunari buruzko Akademiaren gogoeta-taldean parte hartzea. Oraingo erabakian, matematikari dagokionez erantzun ezkorra baino ez dute jaso. Hala ere, ikasle batzuek aurreratu dute matematikako azterketa euskaraz egitea erabakiko dutela, desobedientzia ekintza gisa.

Seaskak salatu du, bestalde, erabakiaren berri ez diola Akademiak zuzenean eman; Peio Dufau diputatuaren bidez jakin dute. Egoeraren xehetasun gehiago jasotzea espero dute, ondorengo urratsak zehaztu ahal izateko. Azkenik, Biga Bai eta Euskal Haziak elkarteek ere bat egin dute aldarrikapenarekin, eta azterketak euskaraz egiteko eskubidea errespetatua izan dadin eskatu dute.

Interesgarri izanen zaizu