Paueko Administrazio Auzitegiak Biriatuko hauteskundeak baliogabetu ditu; bozak irailean eginen dira

Paueko Administrazio Auzitegiak Michel Hiriart Biriatuko auzapez ohiak aurkeztutako helegitea ontzat eman du, eta martxoaren 15ean egindako udal hauteskundeak baliogabetzea erabaki du. Hauteskunde berriak irailaren erdialdean egitea aurreikusten da.

Paueko Administrazio Auzitegiak Biriatuko hauteskundeak baliogabetu ditu; bozak irailean eginen dira
Epaileek ondorioztatu dute bozketaren ondorengo zenbait prozedura ez zirela legeak agintzen duen gardentasunarekin egin. Biriatuko herritarrek berriro bozkatu beharko dute. ANTXETA IRRATIA
Antxeta Irratia
2026/06/19 12:09

Paueko Administrazio Auzitegiak Michel Hiriart auzapez ohiak aurkeztutako helegiteari arrazoia eman dio, eta martxoaren 15ean Biriatun egindako udal hauteskundeak baliogabetzea erabaki du. Horrenbestez, herriko bozak berriz egin beharko dituzte, eta lehen aurreikuspenen arabera, hauteskunde berriak irailaren erdialdean izango dira.

Epaileek txostengile publikoaren gomendioa berretsi dute. Haren arabera, hauteskutxak ireki, hautesleen nortasuna egiaztatu eta boto-paperak sailkatzeko prozedura publikoan egin behar zen, herritarrek bertatik bertara ikus zezaten. Baina une horietan herriko hauteslekuaren ateak itxita mantendu zituzten, eta ondoren baino ez zituzten ireki botoen kontaketa hasteko.

Martxoaren 15eko hauteskundeetan 983 hautesleetatik 665ek eman zuten botoa. Emaitzen arabera, Odile Susperregui Cornuren gidaritzapean aurkeztutako Biriatun Bizi zerrendak 333 boto lortu zituen, eta Michel Hiriarten Altxa Biriatu zerrendak 316. Horrela, Biriatun Bizik 17 botoko aldearekin eskuratu zuen garaipena.

Hala ere, administrazio auzitegiaren iritziz, hauteskundeen gardentasuna eta prozeduraren errespetua ezinbestekoak dira emaitzen zilegitasuna bermatzeko. Horregatik, herritarrei hauteslekuan sartzea eragotzi izana nahikoa arrazoi dela ebatzi du bozak baliogabetzeko.

Defentsak azaldu zuen erabakia segurtasun eta antolakuntza arrazoiengatik hartu zela. Izan ere, emaitzen zain ehundik gora herritar bildu ziren herriko etxean, eta erabilitako aretoa txikiegia zen jendetza hori hartzeko. Hala ere, epaileen ustez, egoera horrek ez du justifikatzen legeak ezartzen duen publizitate-printzipioa urratzea.

Ebazpenaren ondorioz, Biriatuko hautesleek berriz ere udal ordezkariak aukeratu beharko dituzte. Herriko Etxeak hauteskunde berriak antolatzeko prozedura abiatu beharko du orain, eta bozak irailaren erdialdean egitea aurreikusten da. Kanpaina berriak, beraz, berriz ere aurrez aurre jarriko ditu azken hauteskundeetan lehia estua izan zuten bi zerrendak.

Interesgarri izanen zaizu