Frantziako gobernuak denda batzuei irekitzeko aukera utzi nahi duenean maiatzaren 1ean, intersindikalak horren aurka manifestatzera deitzen du. Bestalde, maiatzaren leheneko manifestaldia Baiona goialdean eginen dute, auzoen lotzeko helburuarekin.
Sébastien Lecornu Frantziako lehen ministroak ostegunean adierazi zuen aurtengo maiatzaren lehenetik goiti nahi duela denda batzuei irekitzeko aukera utzi: lore-saltzaileei eta okindegiei aukera hori utzi nahi die. Besta egun berezia da maiatzaren lehena, gaur arte kasu izigarri gutitan lan egiten ahal delako eta dendak hetsiak direlako.
Maiatzaren Leheneko mobilizazio bateratua eginen dute Baionan LAB, CGT, FSU eta Solidaires sindikatuek. Guztiak mobilizatzera deitzen dituzte maiatzaren 1ean, lan baldintzen okertzea eta prekarietatea salatuz eta erantzun kolektiboa azpimarratuz. Antifaxismoa eta langileen batasuna aldarrikatzeaz gain, maiatzaren 1eko besta eguna arriskuan dela ohartarazi dute, gobernuak salbuespen gehiago ezarri nahi dituelako. Gaur arte maiatzaren lehena besta egun berezi bat da salbuespen guttitan soilik lan egiten ahal delako. Denbora horietan, Frantziako gobernuak lege proposamen bat egin nahi du salbuespen gehiago izateko utziz denda batzuei irekitzeko aukera egun berezi horretan. Argitxu Dufau LABeko presidenteak adierazi du "lapurketa" bat dela langileendako.
Hitzordua 11:00tan, Baionako lan burtsa aitzinean emana da, eta Gaskoien plazan bukatuko da manifestaldia. Baiona goialdean lehen aldiz amaituko da auzoen lotzeko helburuarekin: bertan herrixka militantea eta jatekoa eta edatekoa izanen dira.