Ikasleen mobilizazioa: aste hunetako kurtso guziak ezeztatuak direla iragarri du Sebastien Lecornuk

Lizeo andana blokatuak dira gaur, gehienak itxiak izanik ere, Baionako fakultatea bezala. Baionan, ikasleen manifestaldia izan da 10:30ean, eta 17:30ean sindikatuekin batera hartuko dituzte karrikak.

Ikasleen mobilizazioa: aste hunetako kurtso guziak ezeztatuak direla iragarri du Sebastien Lecornuk
800 bat ikaslek hartu dituzte Baionako karrikak 10:30ak pasata. EUSKAL IRRATIAK
Aimar Lopez Erasun
2026/10/06 08:27

Pirinio Atlantikoetako prefeturak lizeoen aitzinean mobilizatzea debekatu zuen, baina atzo, Paueko Auzitegi Administratiboak gibelera bota zuen neurri hori. Baionako SAF abokatuen sindikatuko kideek jakinarazi digutenez baina, prefetak bertze debeku bat argitaratu zuen atzo arratsean. Edonola ere, gaur, 7:00ak aldera hasi dira blokatzeak Baiona, Angelu, Miarritze, Hendaia eta Donibane Lohizuneko lizeo gehienetan. Lizeo horietariko gehienak itxiak dira aitzitik: etxetik ari dira lanean irakasleak, kurtsoak bideodei bidez ematen, joan den ostiraletik. Gaur haatik, irakasleak ere mobilizaziora batzera deitu dituzte LAB, FSU, CGT, Solidaires, edo CFDT sindikatuek. Lizeotarrek eta langileek manifestaldi bateratua deitu dute Baionan gaur, 17:30ean, Herriko Etxetik abiaturik. Mobilizazio azkarraren aitzinean, Sebastien Lecornuk Frantziako lehen ministroak lizoetako kurtso guziak ezeztatuak izanen direla jakin arazi du, bederen ostirala arte.

Lehenago baina, 10:30ean abiatu dira ikasleak Plaza Berdetik, lizeo bakoitzetik iritsiko diren zutabeak baturik. Baionako fakultateko ikasleak ere batu zaizkie, hura hestea erabaki baitu UPPA Baiona eta Paueko unibertsitateak. 800 lagun inguruk Baionako karrikak gurutzatu dituzte, polizia inguruan zutela baina azken egunetako eszena bortitzak errepikatu gabe.
CRS polizia bat, Baionako fakultate hetsiaren aitzinean, gaur goizean. EUSKAL IRRATIAK

Baionako Bernat Etxepare lizeoan laugarren blokatze eguna dute gaur, eta bertze lizeoetako aldarrikapenei -irakasle eskasia, ikasteko baldintza txarrak, Parcoursup plataformak eragiten duen ziurgabetasuna- haien salaketa berezia gehitzen diete, euskaraz ikasi eta azterketak egitearena hots. Baita azken egunetan jasan duten errepresioaren aurkakoa ere. Atzo, hogei lagun baina gehiago atxilotu zituen poliziak Lapurdiko mobilizazioetan. Mila Alkhat eta Laia Urrutikoetxea Etxepareko ikasleak Kriztof Arotzarenaren gomitak ziren gaur Goiz Berrin blokatzetik zuzenean, artikulu honetan entzun daiteke elkarrizketa osorik.
Angeluko Cantau lizeoan, azken hiru egunetan izandako mobilizazioen arrastoak ikusi ditu bertan den Esteban Bastié kazetariak. Kurtsoak telematikoki segurtatuak izanik, eta azken egunetan bezala poliziaren presentzia handia denez, ikasle guti hurbildu dira lizeora gaur. Aldiz, CGT sindikatuko kide andana bat ziren hor, baita heldu batzuk ere, zapi xuri bat soinean; Frantziako hainbat mugimendu ezkertiarrek proposaturiko neurria da, helduek lizeotarrei babesa erakusteko eta poliziaren bortizkeria baretzen saiatzeko.
Cantau lizeoaren aitzinean, ikasleak sindikalistekin batera, gaur goizean goiz. EUSKAL IRRATIAK

Hendaiako Aizpurdi lizeoan, polizia ikasleak miatzen

Hendaiako Aizpurdi lizeo profesionala blokatua da gaur, eta mugimenduaren aldarrikapenei bertako barnetegiko baldintzei buruzkoak gehitu dizkiete. Bertze gertakari bat ere salatu dute: atzo goizaldean, barnetegian diren 30 bat ikasle Hendaiara trenez iritsi zirelarik, poliziak trenetik jaitsi eta nasan bertan zakuak ireki eta miatu zizkien, denen bistan. Peio Pouyfaucon Hendaiako segurtasun hautetsiak sare sozialetan emandako azalpenen arabera, asteburuan zehar sare sozialetan "ekintza bortitzak" antolatzeko mezuak detektatu zituzten, eta poliziari helarazi. Hala, operazio horretan armak eta suteak pizteko gailuak harrapatu nahi zituzten. Eta harrapatu ere: desodoranteak kendu zizkieten ikasleei... aerosolak izanik, supizteko batekin batera, sugar handiak sortu ditzaketelakoan.

Hendaiako Aizpurdi lizeoan ikasleak eta herritarrak bildurik. EUSKAL IRRATIAK

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu