Korsikako deszentralizazioan urratsak eta gibelatzeak azken 50 urteetan

Barda abiatu da Frantziako Asanblea Nazionalean Korsikako autonomiaren lege proiektuaren eztabaida. Azken 50 urteetan korsikarren burujabetze nahikeriak oztopa ainitz ukan ditu eta sokatira iraunkorra izan da Pariseko gobernuekin.

Korsikako deszentralizazioan urratsak eta gibelatzeak azken 50 urteetan
Korsikako Asanblada 2017an sortu zen abertzaleen gehiengo osoa ardietsi ondoren. KORSIKAKO ASANBLADA
Jose Luis Aizpuru
2026/06/17 08:20

1970. hamarkada hastapenean deszentralizaziorako lehen urratsak eman ziren Korsikan baina 2026 urte honetan lehen aldiz, Frantziako konstituzioa aldatzeko proposamena mahai gainean da, autonomia txertatzeko testuan.

Eskualde izaera ukan zezan uharteak, duela 50 urte eman ziren lehen urratsak, beste eskualde edo erregioek zituzten baino eskuduntza gehiago eskuratuz, eta sufragio unibertsal zuzena baliatuz, baina autonomista eta independentistak ez ziren ados, eta, egoera ozpindu zen ere FLNCaren sorrerarekin 1976an.

Mitterranden garaipenarekin, 1981ean, berriro Korsikako estatus eta "berezitasuna" aitortzeko negoziaketak abiatu ziren. Korsikako Asanblea sortu zen eta Prosper Alfonsi hautatua izan zen Korsikako Asanbleako lehen presidente, baina afera ez zen aitzinatu, aski mugatua zelako antolaketa berria.

1988an bigarren estatus edo araudi berezia sortzeko mentura abiatzen du Pierre Joxe barne ministroak. 1991an onartuko den testuak Korsikako "populua" aipatzen du lehen artikuluan, baina eskuinak kontseilu konstituzionalera eraman zuen legea, eta gibelatua izan zen termino hori. Korsikar "populurik" ez beraz testuan, baina Lurralde Kolektibitate bat sortzen da, mini-gobernu batekin. Ondoko urteetako mobilizazio eta atentatu ainitzek, Jospin  lehen ministroa, elkarrizketak abiatzera eraman zuten, eta, Mattignoneko prozesua abiatu zen. Alta, zatiketak badira Korsikako Asanblean, ukan beharreko botere legislatiboaz; 2002an Korsikako estatusaren erreforma bozkatuko da.

Gaiari Nicolas Sarkozy frantses presidenteak emanen dio segida, eta bere mandatuan bi departementuak desagertuko dira, eta Kolektibitate bakar bat sortuko da Korsikan. 2003an uhartean erreferenduma eginen baina ezetzak irabaziko du galdeketa, %51rekin.

Hamabost urte berantago Bernard Casenave ministro sozialistak berriro mahai gainera ekarriko du gaia, hots, Lurralde kolektibitate bakar baten sortzeko xedea. 2017an Korsikako kolektibitatea sortuko da eta abertzaleek gehiengo osoa erdiesten duten asanblean.

2022ko istilu larriek, eta Colonaren heriotzak, Beauvau prozesua akuilatuko dute. Macronen gobernuak, Darmanin barne ministroa buru duela, Korsikarentzat autonomia lege proiektua garatzeko engaiamendua hartuko du, Korsikako alderdi politikoekin batera.

Peio Jorajuria Baterako kidea Goiz Berriko gomita genuen gaur Euskal Irratietan, atentzio handiz ari dira Korsikako autonomia lege proiektuari so egiten. Jarraian entzungai da elkarrizketa osoa.


Interesgarri izanen zaizu