2024ko martxoan Korrikarekin batera 36 migratzaileri muga pasatzen laguntzeagatik auzipeturiko zazpi lagunak xuritu ditu gaur Baionako auzitegiak. Prokuradoreak isunak galdegin zituen zazpitik seirentzat.
« J’accuse » izendaturiko auzian, Baionako epaitegiak erabaki du akusatu guzien errugabetzea. Korrika garaian migratzaileekin muga pasatzeagatik epaituak izan ziren zazpi herritar joan den urrian. Akusatuak ziren egoera irregularrean ziren pertsonei Frantziako lurraldean sartzen laguntzeaz.
Oroit,prokuradoreak isunak eskatu zituen seirentzat, 1500 euro fermu arte. Isun ttipiena 1000 euro gibelapenarekin zen. Elementu eskasagatik ez zuen zigorrik eskatu zazpigarrenarendako.
Epai horretaz pozik agertu dira denak. Maritxu Paulus-Basurko epaituen abokatuak azpimarratu du hartu den erabakia juridikoa izan dela ez eta politikoa.
Epaitua izan den Eñaut Aramendik lagundu dituztenak eskertu ditu, izan arlo juridikokoak, edota, militante eta mobilizatu diren guztiak. Dei egiten du aurrera segitzea lanean, borrokan, eta, ahal bada, kolektiboki, ohartaraziz: "Azpimarratu behar dugu Bidasoa honetan guttienez bederatzi pertsonak galdu dutela bizia eta guk honen artean borrokatu beharko dugula hori ez berriz gertatzeko". Gehitu du: "Segitu beharko dugula lanean denok eskubide berdinak izateko eta denok libre bizitzeko eta ibiltzeko Europa honetan".
Hendaiako oinezko zubian prentsaurreko bat antolatuko dute larunbat honetan 11:00ean.