Durango (Hego EH)

Ireki ditu ateak Durangoko Azokak

Bi berritasunekin hasi da azokaren 60. edizioa: Atartea arte ederren plaza eta Berbagailua podcasten plaza. 1026 kultur berritasun aurkeztuko dituzte gaurtik astelehenera artean.

Ireki ditu ateak Durangoko Azokak
Milaka haur eta gaztek hartu dute Landako gunea Durangoko Azokaren lehen orenetan. EUSKAL IRRATIAK
Aimar Lopez Erasun
2025/12/05 12:24

Landako guneak eta bere 285 erakusmahaiak ti-ta batean bete dira jendez. Gaztez, hobeki erranik; ikasleen eguna da gaur Durangoko Azokan. Landako gunea ez ezik, haatik, bertze hainbat gunek ere egin dute irekiera: Ahotsenea zuzeneko musikaren guneak Plateruenan eta literaturaren guneak musika eskolan, Irudienea ikus-entzunezkoen plazak zineman edo Saguganbara haurren plazak Saguganbaran.

Aurten, urteurren borobilarekin, bi apustu berri egin ditu Gerediaga elkarte antolatzaileak. Liburu eta diskoetatik harago joateko engaiamendua du azokak aspaldian, eta aurten arte ederren eta podcasten mundura egin dute jauzi, Atartea eta Berbagailua guneekin, hurrenez hurren.

Ipar Euskal Herritik, sareturik eta saretzera

Ipar Euskal Herritik, 55 nobedade ekarri dituzte sortzaileek Azokara: 41 liburu, 13 disko eta bideo-joko bat. Zuzenean ariko dira Ahotsenean Ekiza, Odei, Karma eta Ixabe, eta Ibawa dantza garaikide kolektiboak Gauaikusgarria emanen du larunbatean Szenatokia plazan.

Karma taldeko kideek zein Maita Kultura elkarteko buruek Durangon sortzen diren saretzeak azpimarratu dituzte Euskal Irratietan, artisten artean batetik, antolatzaileekin bertzetik, baita publikoarekin ere.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu