Euskaltzaleen martxa eginen dute gaur Iruñean, Euskalgintzaren Kontseiluak deiturik, 17:00etan hasirik. "Euskaraz bizitzeko behar den dena" aldarriarekin, eta abenduan hasi pizkundearen testuinguruan, pausu berri bat nahi dute euskararen alde.
"Behar den dena", ez gehiago, ezta gutiago ere; horixe galdeginen dute gaur Euskal Herriko hiri buruzagiko karriketan biltzekoak diren milaka lagunek. Abenduan jadanik, Bilboko Miribilla aretoan egindako ekitaldi artistiko jendetsuan euskararen pizkunde berri baten hastapena irudikatu zuen Euskalgintzaren Kontseiluak, eta orduan ere, instituzioen ardura azpimarratzeaz gain herritarrak, euskaldunak ere interpelatu eta mobilizatu nahi izan zituzten. Gaurkoan ere, mezuak hartzaile antzekoak izanen ditu.
Izan ere, ez da ohiko manifestaldia izanen Iruñekoa, aldarri bana izanen duten hiru zutabek osatuko baitute mobilizazioa. Lehenak ofizialtasuna galdeginen du, bigarrena hizkuntza politikek jauzi bat eman dezatela, eta azkenak euskararen pizkundeak gizarte zibilak jokatu beharreko papera aldarrikatuko du, euskaltzaletasuna, funtsean. Ohiko banderolen lekuan, Iruñeko San Ferminetan peñek izan ohi dituzten ikurren antzeko pankartak izanen dira zutabe bakoitzaren buru.
17:00etan abiatuko dira hiru zutabeak, Runako parketik, Antoniutti parketik eta Askatasun Enparantzatik, hurrenez hurren. Oren erdiko ibilibide labur baten ondotik, Gaztelu plazan elkartuko dira hirurak, eta bertan izanen da ekitaldi nagusia, 18:00tan hasirik.
Euskal Konfederazioak ere bat egin du manifestaldiarekin eta aldarrikapenekin, pizkundea Bidasoaren bi aldeetan aldarrikatuz mintzatu da Sébastien Castet eleduna aste honetan Euskal Irratietan: "Pizkundea hitzak badu erranahi berezia Euskal Herrian. Euskararen biziberritze prozesua erranahi du, eta garapen hau, panan dela ikusten dugu, eta pizkunde bat behar dugu, pindar bat".
Idurre Eskisabel, Kontseiluko idazkari nagusia entzungai da orrialde honetan.