Herriko hauteskundeak: Hendaian, etxebizitza politika "anbiziotsua" egin nahi du Hendaia Biltzenek

2026-2032 agintaldirako bide orria finkatu du Hendaia Biltzenek biltzar nagusian. Martxoaren 15 eta 22ko udal hauteskundeei begira Laetitia Navarron aukeratu dute zerrenda buru.

Herriko hauteskundeak: Hendaian, etxebizitza politika "anbiziotsua" egin nahi du Hendaia Biltzenek
Hendaia Biltzenen zerrendaburuak aurkeztu zituzten larunbatean. HENDAIA BILTZEN
Antxeta Irratia
2025/12/16 09:21

Herriko etxearen egoera ekonomikoa kontuan hartuta, "bideragarriak" diren 5 ardatz nagusi aurkeztu dituzte herriko plazan egindako agerraldian, etxebizitza, prekarietatearen aurkako borroka, gizarte kohesioa, euskara eta mugikortasun jasangarrian oinarrituta.

Laetitia Navarronekin batera, Paulo Arzelus, Céline Cotinat, Iker Elizalde, Ixa Eguiazabal, Claire Legardinier, Joseba Manterola, Isabelle Iriarte eta Jean Michel Garayar izango dira Hendaia Biltzenen zerrendakideak martxoko udal hauteskundeei begira. Hautagaiak aditzera eman duenez, "prekaritatearen aurkako borroka, bizi-kalitate lasai eta orekatua lortzea, gizarte loturak sendotzea eta belaunaldien arteko harremanak estutzea, gardentasun demokratikoa eta euskararen defentsa" dira Hendaia Biltzenen helburu nagusiak. Era berean, "ezker balioetan oinarritutako politika" egiteko asmoa adierazi du Navarronek, eta hauteskundeen atarian gauden honetan, "xenofobia eta jarrera atzerakoiei, beldurraren diskurtsoari eta segurtasunaren inguruko demagogiari" tinko aurre egiteko prest azaldu da.

Biltzar nagusian adostutako plangintza gauzatzeko, Hendaiako herriko etxearen egoera ekonomikoa kontuan hartuta "bideragarria" den plangintza osatu dutela dio hautagaiak, baina "mandatu honek aurrekontua ez emendatzeko erabakiak hartzera behartuko gaitu", aitortu du.

Beharrei erantzuteko plana

Horrenbestez, Hendaia Biltzenek 16 milioi euroko inbestizamendu plana zehaztu du. Batetik, lurzoruen azterketa eta erosketa plan bat Hiri-Barnea/Geltokia ardatzean, eta Pausuko errepidearen inguruan 2,5 milioi euro zuzendu nahi dituzte etxebizitza eta jarduera ekonomikoa garatzeko, etorkizuneko PLUari lotuta. Etxebizitza politikaz Iker Elizalde arduratuko da. Agintaldi honetan Departamenduko Kontseilari izan denak argitu duenez, "Hendaian urte osorako bizitoki eskuragarriak izateko etxebizitza politika anbiziosoa" egin nahi dute. Eta aipatutako bi eremu horietan etxeak eraikitzeaz gain, "erregulatu eta lagundu" beharra dagoela dio. Arautzearen aldetik, "konpentsazio neurria aplikatzea eta errespetaraztea, eta alokairu prezioen kontrolatzea" ezinbestekotzat jotzen du Elizaldek.

Inbestizamendu planak beste 2M€ aurreikusten ditu denda sozial eta solidarioa sortzeko, sukalde eta jangela duen espazio batekin. Bestalde, espazio publikoen eta berdeguneen artapena 3M€, bideen egoera errepide-sarearen azterketa eta sailkapena, eta oinezko zein bizikleta ibilbideak osatzeko 6M€, eta Sopite auzoan futbol zelai sintetikoa 1.800.000€ dira aurreikusten dituzten beste proiektu estrategikoak. Era berean, udal eraikinen isolamendua (700.000€) eta langile publikoen soldata berrikuspena egin nahi dute, kalte-ordainak baloratuz eta lan baldintza apalenak dituzten funtzio publikoko langileen ordainsariak hobetuz.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu