Arrosa (Baxe Nafarroa)

Hauteskundeak: bi zerrenda aurkeztuko ote dira Arrosan?

Ortzaizen azkenean zerrenda bakar bat agertzen baldin bada, auzoko herria den Arrosan bi izan litezke. Bidarrain aldiz, lista bakarra da momentuan aipatzen.

Hauteskundeak: bi zerrenda aurkeztuko ote dira Arrosan?
Arrosan Roger Brust izanen da oposizioko listaren burua. IRULEGIKO IRRATIA
Antton Castoreo
2026/02/10 19:45

Hurbiltzen ari da otsailaren 26an zerrendak deklaratzeko azken epea, eta anartean listak argitzen: batzuetan zurrumurruak desegiten dira, bestetan konfirmatzen. Jar gaitezen Arrosa, Bidarrai eta Ortzaizeri so.

Ortzaizetik atera da azken berria: Annick Trounday departamenduko hautetsiak ez du zerrendarik aurkeztuko. Hastapen batean muntatzen ari zela entzuten baldin bazen, argiki erran digu azkenean ez dela aurkeztuko. Iduri luke beraz lehiarik gabe herriko auzapez egoten ahalko dela Jean-Marc Oçafrain. Bere listako sei hautetsik tokia utzia dute, baina ordezkoak atzemanak ditu bigarren mandatu horrendako. Zortzi gizon eta zazpi emazte lirateke.

Auzo herrian, Arrosan, lehia handiagoa izanen da. Gaur arte 30 urtez auzapeza izan den Beñat Arrabit lista muntatzen ari da baina ez du oraindik ofizializatu. Parean, Roger Brustek bere lista muntatu du. Haren erranetan, aitzineko ekipak ez du aski komunikatu mandatu denboran, adibidez hirigintza planari buruz edo Gazteen Etxea gelaren arraberritzeari buruz. Gure mikroan erran du komunikazioaren gai hori hobetu nahi luketela, eta herrian diren proiektu nagusiak herritarrekin eraman: Gazteen Etxea edo Gurea gunearen berrantolatzea. Jakin parean den Beñat Arrabit gaur egungo auzapezak ez duela gure elkarrizketa galdeer erantzun momentuan.

Bururatzeko, Bidarrain, momentukoz lasaiak dira bazterrak, lista bakar bat muntatua baita. 2014tik auzapeza den Jean-Michel Anchordoquyk 2032 arte segitu nahiko luke. Hor ere, kontseilutik sei joan dira eta ordezkoekin, zortzi gizon eta zazpi emazte izanen dira.

Interesgarri izanen zaizu