Gizarte Segurantzaren aurrekontu proiektua onartu du Frantziako Asanblea Nazionalak. Emaitza biziki hertsia izan bada ere, Sozialisten aldeko botoekin eta ekologisten abstentzioari esker pasa da, aldeko 247 bozekin, eta kontrako 234 bozekin.
Ezkerraren zati baten babesa lortzeko aldiz, Sebastien Lecornu Frantziako lehen ministroak erretreten erreforma pausan eman behar izan du, Emmanuel Macronen agintaldiaren ikur nagusia zena, eta arindu behar izan ditu defizit publikoa murrizteko beste neurri batzuk ere. Honela, pentsioak, familientzako laguntzak eta beste gizarte prestazioak ez dira izoztuko, eta inflazioaren arabera eguneratuko dira.
Ipar Euskal Herriko hiru diputatuek ez dute jarrera berdina hartu bozketan. Inaki Etxaniz eta Colette Capdevielle sozialistek Gizarte Segurantzaren aurrekontuaren alde bozkatu dute. Peio Dufau abertzaleak aldiz ez du parte hartu bozketan. "Negoziaketak izan dira buxeta aitzinatzeko eta urratsak ere eman dira zentzu onean. Ospitaleen diruztatzeko neurriak hartzen ditu buxetak; erretreten erreforma pausan eman da... Alta, gure lurraldean ikusten dut sekulako arazoak ditugula osasun arloan, eta urratsak eman diren arren, diru iturriak ez dira kontutan hartuak izan. Eta neurri biziki txarrak ere hartu dira, horregatik abstenitu naiz", argudiatu du bere bozka Ziburuko diputatuak.
Gure lurraldean ikusten dut sekulako arazoak ditugula osasun arloan, eta urratsak eman diren arren, diru iturriak ez dira kontutan hartuak izan. Eta neurri biziki txarrak ere hartu dira, horregatik abstenitu naiz
Gizarte Segurantzaren aurrekontuaren kontra ez du bozkatu nahi izan EH Baiko diputatuak, "fede onez" aritu baitira diputatu batzuk, batzuen eta besteen aldarrikapenak kontutan hartuz. "Gainera Baionako ospitaleak eskatzen zuena bere buxetarentzat onartua izan da, beraz badira aitzinamenduak. Baina kontziente naiz ere zorra handituko dela, diru iturri berririk ez delako xerkatu, eta hori domaia da", gehitu du Peio Dufauk.
Badira aitzinamenduak. Baina kontziente naiz ere zorra handituko dela, diru iturri berririk ez delako xerkatu, eta hori domaia da", gehitu du Peio Dufauk
Gizarte Segurantzaren aurrekontua Senatuan onartu beharko dute orain eta onartzen ez badute, asanbleak izanen du azken hitza. Abenduaren 19a da azken eguna diputatuek 2026rako aurrekontuak onartzeko.