Iaz Frantziako Nationale 1era igan ondotik, sasoi bikaina burutu zuten Baionarrek sorpresa sortuz eta hirugarren lekuan bukaturik txapelketa. Ondorio txarretan da hozka bat gorago den Ligue 3 mailako taldeetara joan zaizkiola jokalari anitz.
18 jokalari joan dira eta 16 etorri
Iaz iganik eta sasoi bikaina egin ondotik, Frantziako Nationale 1 edo laugarren mailan ariko da aurten ere Aviron futbol taldea. Iazko arrakastak ukan du ondorio txarrik ere, jokalari anitz joan baitzaizkio Baionari, hozka bat gorago den Ligue 3 mailan lehiatzeko. Taldearen %80 berritu du ABFC taldeak. 18 jokalari joan dira, horietarik bost jokalari garrantzitsuak ziren eta 16 etorri dira. Gehienak gazteak. Jakin 1.000.000 € inguruko (milioi bat euro) aitzinkontua duela Baionak orotara, eta zama honen bostetarik bi lehen taldeari dagokio. Heldu da 400.000 euro. Nationale 1 mailako aitzinkontu txikienetarik da.
Iaz arduradunek erran ziguten Ligue 3ra igotzeko helburua bazutela 2028rako. Baina aldaketa handiak izan direla eta, berehalako helburua mantentzea dela zehaztu digu Lausséni Sangaré Baionako kolehendakariak
Alexandre Raulin da trebatzaile berria
Alain Pochat trebatzaileak ere taldea utzi zuen denboraldian zehar iaz, Amiens Ligue 2ko taldeaz arduratzeko. Emmanuel Bafcopek ordezkatu zuen baina azken honek hautua egin du Angeluko Genêts taldea trebatzeko aurten. Beraz Normandiako Caen aldetik jin den Alexandre Raulin izanen da Baionako trebatzaile nagusia.
Proiektua atxikitzeko hautua egin dutela dio Lausséni Sangarék, baina gazteen xerka joanez. Formakuntza zentroetarik atera direnak edo geroari begira jalgitzeko aukera luketen gazteen bila ibili dira. Horretarako erabaki dute errekrutatzaile baten hartzea. Hau Akitania Berrian gaindi dabil eta urrunago ere, gazteak ikusten eta oharrak biltzen. Hala ere Sangarék dio xantza badutela, Baionako taldeak gazteak erakartzen dituelako. 22-23 urtekoa da bana besteko adina Baionako lehen taldean.
Bidaia handi batekin hasiko du txapelketa Baionako futbol taldeak. Normandiako Granvillen zelairatuko da ostiral arrats honetan National 1 txapelketako lehen eguna kari.