Miarritze (Ipar EH)

Ez dute onartzen eskuin muturraren otordurik, ez Ipar Euskal Herrian, ez eta Euskal Herrian oro har

Herri Harresia osatzera deitzen dute 2026ko Azaroaren 28an, Frantses Kanonaren apairuaren kontra.

Ez dute onartzen eskuin muturraren otordurik, ez Ipar Euskal Herrian, ez eta Euskal Herrian oro har
Frantses Kanonaren kontrako prentsaurrekoa, atzo, Miarritzen. EUSKAL IRRATIAK
Ihintza Arrieta
2026/10/28 08:15

Canon Français edo Frantses Kanonak 2026ko azaroaren 28an Miarritzen egin nahi duen oturuntzaren kontrako manifestua izenpetu dute ehun lagunek. Salatu dute eskuin muturra ez dela ideia-kontu hutsa, indarkeria dela Frantses Kanonak transmititzen duena, pertsonen aurkako erasoak, jatorriagatik, azalaren koloreagatik, erlijioagatik edo sexu orientazioagatik eta ez dutela horrelakorik nahi Euskal Herrian.

Frantses Oturuntzaren sortzaile diren bi aristokratek, Pierre-Alexandre Mortemard de Boissek eta Géraud du Fayet de la Tourrek, baita Pierre-Edouard Stérinek, irudi goxo baten gibelean gordez, beren besta eredu baztertzailearen eta frantseszalearen ikuspegia ekarri nahi dutela hona diote oturuntzaren kontrakoek, baina Herri Harresia izanen dutela parean, Frantses Kanonari modu herrikoian eta jendetsuan erantzunez.

Deia luzatzen diete herri honek dituen dantzari, koral, txaranga, musikari, joaldun, batukada eta karrikako antzerkilari guztiei, azaroaren 28ko ekimenean parte hartzeko. 11.00etan emana da hitzordua eta bakoitzak jateko eta edateko zerbait eraman dezala eskatzen dute, besteekin partekatzeko. Bakoitzak eraman dezala bere musika tresna, kantu liburuxka edo bururatzen zaiona.

Azaroaren 28ko mobilizazioa aitzin, beste hitzordu batzuk ere aipatu dituzte Herri Harresiaren aldekoek: azaroaren 3an, bilkura irekia eginen dute Baionan, Santa Ursula plazako lan burtsan arratseko 19.00ean, mobilizazio kanpainan parte hartu nahi duten guztiei irekia. Eta bezperan, Azaroaren 2an, Miarritzeko herriko etxe aitzinean 18.00ean deitua den elkarretaratzean parte hartzera deitzen dute.

Frantses Kanonaren kontrako Herri Harresiak kanal eta sare sozial ezberdinak ditu mobilizazioaren berri izateko eta diru bilketa kanpaina bat ere abiatu du gastuei aurre egiteko.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu