Eraikin publiko bat andeatzagatik epaitutako EHEko lau kideak Baionako auzitegian epaitzekoak zituzten gaur, baina euskaraz aritzeko debekuaren aitzinean protesta egin dute. 1.500 euroko isuna ezarri diote bati, 500ekoa bertze hiruri.
Epaileak akusaturik gabe epaiketa egin du: Gorka Torrek marrazkia edo idazkeraren bidez eraikin publiko bat pixka bat andeatzeagatik 1.500 euroko isuna pagatu beharko du eta herritar eskubiderik ez du ukanen bi urtez ber gauzarendako berriro kondenatua delako.
— Euskal Irratiak (@euskalirratiak) February 5, 2026
Azkenean, epaileak erran die poliziak aterako dituela. Lau akusatuak lurrean jarri dira eta polizia joan da haiekin mintzatzera. Anartean, epaiketa beste gela batean mugitu dute. Euskal Herrian Euskarazeko kideak atera dira eta ezin izan dute beren epaiketa segitu. pic.twitter.com/J31i3OTm9A
— Euskal Irratiak (@euskalirratiak) February 5, 2026
Azken bi urteetan ohikoa bilakatu den eszena biziko da gaur arratsaldean berriz ere Baionako auzitegian: Euskal Herrian Euskarazeko lau kideek euskaraz erantzuteko galdea eginen dute, eta epailearen esku geldituko da eskubide hori onartu eta auziarekin jarraitu, edo galdea ukatu, eta auzia epaituak bertan izan gabe egin. Ezberdintasun bat izanen da gaur alta; lau auzipetuetako bat Hego Euskal Herrikoa da, espainiar naziotasuna du hartaz, eta euskara hizkuntza ofiziala den lurralde batekoa da. Ikusteke da, beraz, epaileak eskaera osorik edo partez onartzen duen, edo erabat errefusatuko duen.
Joan den abenduan auzipetuei sostengua adierazteko egin zuten agerraldian hainbat euskaltzalek oroitarazi zuten 1980 eta 1990eko hamarkadetan Baionako auzitegian naziotasun frantseseko hainbat epaituk euskaraz erantzun zutela. Iazko urrian gai honi sakon heldu zion Esteban Bastié lankideak Euskal Irratietan, eta Ihintza Palacín EHUko ikerleak azaldu zuen gakoa 1992an V. Errepublikoako Konstituzioari egin zitzaion emendakinean datzala. Orduan finkatu zen Konstituzioan frantsesa dela Errepublikako hizkuntza, eta hala, Errepublikaren ordezkariekin mintzatzeko hizkuntza ere, auzitegiak barnebilduz.
Iragan larunbatean 200 bat lagunek babesa erakutsi zieten gaur auzipetuko dituzten EHEko kideei, Baionan, pintaketa egin zuten leku berean elkarretaratuz. "Desobedientzia" goretsi zuten bertan, eta epaiketan euskara hutsean ariko direla berretsi. Joan den abenduan gutuna igorri zioten epaituek Baionako auzitegiari, euskaraz deklaratzeko aukera eskatuz, baina ez dute erantzunik izan. Gaur jasoko dute erantzuna bada, 14:00tatik landa, auzi gelan.
Euskaraz bizitzeko eskubidea eta auzitegietan ere euskaraz mintzatu ahal izatea, aldarrikatu du @EHEbizi taldeak Baionan egin elgarretaratzean. pic.twitter.com/JODISOwJwo
— Euskal Irratiak (@euskalirratiak) January 31, 2026