Bidasoa eta Aturriko bailaretan ura erabiltzeko murrizketarik ez da atzotik, eta bertze eremuetan murrizketak arindu ditu prefeturak. Iturriko ura erabiltzeko murrizketak plantan dira oraindik.
Idorte eta beroaldi betean, uztailaren 29an hedatu zuen Pirinio Atlantikoetako prefeturak ur edangarria erabiltzeko murrizketa Ipar Euskal Herri osora. Geroztik, norbanakoek muga handiak zituzten 8:00tatik 20:00ak arte ur edangarria edo ingurune naturaletatik lortutako ura erabiltzeko: baratzeetan, garbiketan eta igerilekuetan, bertzeak bertze. Bada, urrian izan diren egun euritsuek eta tenperatura freskoek lurpeko erreserben, erreken eta urtegien egoera hobetu dute; hala, atzotik, erreka eta maila freatikotik ateratako ura askatasun osoz erabili daiteke Aturri eta Bidasoako inguruetan. Biduza erreka inguruak alerta mailan dira oraindik baina alerta indartua kendu dute, eta krisi egoeratik alerta indartura pasa dira berriz Errobi eta Lapiutze inguruak. Inguru horietako neurri zehatzak zein diren VigiEau webgunean kontsultatu daiteke.
Iturriko urari dagokionez, murrizketak apaldu badira ere Ipar Euskal Herri osoan aktibo da oraindik alerta egoera. Hala, oraindik ere ureztatze anitz ezin dira egin iturriko urarekin, eta kasu batzuetan arratsaldean baizik ez da debekua martxan. VigiEau webguneak ematen ditu kasu honetan ere xehetasunak. Aldiz, alerta hein larriena aplikatua zitzaizkien bederatzi herriei egoera hau kendu diete eta bertze herrien heinean utzi dituzte: Altzürükü, Etxebarre, Hazparne, Lexantzü, Zuraide, Atharratze eta Iruri ziren herri horiek.