Euskal Herria Zuzenean festibala ekainaren 26, 27 eta 28an iraganen da aurten Arberatzen. Urtero bezala, hamar egun lehenago, muntaketa fasea hasten da gune desberdinen antolatzeko.
Manitouaren burrunba, kaminoak deskargatzen ari, laguntzaileak telefonoan joan jinka, kafe maxina martxan eta muntaketako sukaldean suak pizturik: argiki, laguntzaileen EHZ hasia da. Asteazkenean bildu ziren lehenak Arberatzeko plazan muntaketa hasteko. Laguntzaileen xokoa plantan jarri ondotik, festibaleko gune desberdinak antolatzen hasi ziren.
Materiala berreskuratu eskuin ezker, karpak muntatu, hesiak ezarri, sukaldea antolatu, deiak pasatu... Lan frango ukanen dute ostirala arte laguntzaileek. Ostegun eguerditan 30 bat lagun baziren, ehunka laguntzaile dira orotara hurbiltzen hamar egunez festibalerako dena prest izan dadin tenorez. Erran behar da ez dela lan errexa festibalaren antolaketa teknikoa: gune bakoitzak bere berezitasunak ditu eta aitzinetik dena dute pentsatua laguntzaileek.

Edizio berezia
Aurtengo EHZ, edizio berezia izanen da: 30 urte ospatuko ditu festibalak. Geroaren lehen notak lemapean, antolatzaileek nahi izan dituzte ekoizpen berezi batzuk abiatu eta atera 30 urte horien ospatzeko. Uhinen ildoan podcasta eta Auzolanaren lurretan liburua aurkeztu dituzte jadanik.
Beste proiektu bat ere martxan jarria dute eta larrazkenerako plazaratu nahiko lukete: dokumental bat. Gaur egungo antolatzaileen "gogoetak, ametsak eta arrangurak" aurkeztuko dituen lana izanen da, eta festibalaren aspektu guziak aipatuko ditu: festibala aitzineko hilabeteetan diren bilkurak, eztabaidak eta dudak, muntaketa denborako presa edota festibala denborako besta. Asteburu honetan edo heldu den astean Arberatzera hurbiltzen direnek arriskatzen dute kamara batzuen gurutzatzea.
Programazioaren aldetik, usaian bezala hamarka kontzertu eta animazio proposatuko dituzte hiru egunez. Horien artean dira besteak beste Ztah, L’entourloop, Niko Etxart, Merina Gris, Zpeiz mukaki, Anestesia, Skabidean edota Silitia.
Laguntzaileen beharra
Muntaketa hasia da baina lan frango gelditzen da Arberatzeko plazan. Antolatzaileek laguntzaile guziak hurbiltzera deitzen dituzte, eskukaldi baten ematera eta momentu goxo baten pasatzera.
Festibala denboran, laguntzaileen txanda kasik guziak beteak dira. Diren hutsune bakarrak igande arratsean dira. Hor ere, antolatzaileek deia luzatzen dute.
Jakin muntaketa arratsetan animazioak antolatuak direla. Xehetasunak atzemanen dituzue ehz.eus webgunean edo EHZren sare soziala desberdinetan.


