EEPren Biltzar Nagusia izanen da gaur, aurrekontuaren inguruko gatazkak markatua

Bere lana behar bezala egiteko, 2,6 milioi euro gehiago behar lituzke Euskararen Erakunde Publikoak; alta, estatuak jakinarazi du 100.000 euro gehigarri besterik ez dituela emanen.

EEPren Biltzar Nagusia izanen da gaur, aurrekontuaren inguruko gatazkak markatua
Euskal Konfederazioko hainbat kide EEPren Biltzar Nagusira sartu ziren, 2024ko apirilean, finantzazio handiagoa eskatzeko. EUSKAL KONFEDERAZIOA
Aimar Lopez Erasun
2025/12/11 08:57

Bi urte dira Euskararen Erakunde Publikoaren aurrekontu igoeraren gaia lohia biltzen ari dela Euskararen Erakunde Publikoan. Lau bazkide ditu erakundeak: Euskal Hirigune Elkargoa, Pirinio Atlantikoetako Departamendu Kontseilua, Akitania Berriko Eskualde Kontseilua eta Frantses Gobernua. Azken honek hiru ministerioren bidez parte hartzen du EEPn: Hezkuntza, Kultura eta Barne Ministerioak. 2023an, EEPk berak egindako azterketa batek erakundeak bere funtzioak betetzeko 2,6 milioi euro gehiago behar dituela agertu zuen, hots, bazkide bakoitzak 650.000 euro gehiago eman behar dituela. Euskal Hirigune Elkargoak berehala prestutasuna agertu bazuen, Frantses estatuak kontrakotasuna erakutsi zuen.

Abenduaren 3an Pirinio Atlantikoetako prefet Jean-Marie Girierk gutun bat igorri zien Ipar Euskal Herriko auzapezei, estatuak gehienik ere EEPri egiten dion ekarpena 100.000 euroz emendatuko zuela adieraziz. 25 auzapezek eta Elkargoko 18 ordezkarik atzo erantzun zioten prefetari, oroitaraziz ordezkatzen duen estatuak ardura zuzena duela euskararen gaur egungo egoeran eta ondorioz baliabide gehiago eskatuz. Egokitzapen txiki batzuetatik haratago paradigmaren zinezko aldaketa bat eman dadin galdegin diote prefetari.

14:30ean izanen da Euskararen Erakunde Publikoaren Biltzar Nagusia. Euskararen Nazioarteko Egunean elkarretaratzea egin zuen EEPren egoitzan Euskal Konfederazioak, "Euskarari trufarik ez!" lelopean, aurrekontuaren inguruko eztabaidak desblokeatzea eskatzeko. Lohiak sortzen jarraitzen du inguruko elementuak lasaitu ezean; gaurko Biltzar Nagusiko giroa nolakoa izanen den ikusteke dago oraindik.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu