EB-Mercosur hitzarmena izenpetzea urtarrilera gibelatu dute, laborarien mobilizazioen ondotik

Bruselan bi eguneko laborarien mobilizazioen eta Frantzia eta Italiaren presioen ondotik urtarrilean ebatziko dute Mercosurren eta Europar Batasunaren arteko truke askerako hitzarmenaz.

EB-Mercosur hitzarmena izenpetzea urtarrilera gibelatu dute, laborarien mobilizazioen ondotik
Ursula Von der Leyen EBko eta Antonio Costa Kontseiluko lehendakariak COPA-COGECA laborarien elkarteko kideekin bildu ziren atzo. EUROPAR KONTSEILUA
Aimar Lopez Erasun
2025/12/19 09:07

Berantago beharko du: 1999tik ari da Europar Batzordea Mercosurrekin truke askerako akordioa lantzen, eta Europar Kontseiluak aste honetan Bruselan egindako gailur batean onartzekoa bazuen ere, azkenean izenpedurarik gabe gelditu da papera. Azken egunotako Frantziaren ezezkoari Italia batu zaio, bi kasuetan haien herrialdeetako laborarien presioaren ondotik. Giorgia Meloniren presioak ezinbertzeko garrantzia izan duela dio Bruselako prentsak.

Asteazkenetik Europar Batasun osoko milaka laborari Bruselan elkartuak ziren, legegileen eta haien gobernuen ordezkarien gain presioa egiteko. Frantziatik FNSEA sindikatuak zuen ordezkaritza handiena, aldi berean frantziar estatu osoan DNKri loturiko neurrien aurkako mobilizazioetan parte hartu ez duen sindikatuak.

Hain zuzen ere, astebete pasa mobilizaturik daramaten laborariei keinua egin nahian, Emmanuel Macronek EB-Mercosur akordioaren aurkako hitzak izan ditu aste hastapenetik. Eta atzo, zurrumurrua hainbat egunez luzatu ondotik, Giorgia Meloni italiarrak ere kontrako iritzia eman zuen Kontseiluan, bozka gibelatzea eraginez. Urtarrilean bozkatuko dute hitzarmena, oraindik data zehaztu ez badute ere.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu