Abenduaren 19rako onartu nahi du Europako Batzordeak Batasuneko 27 herrialdeen eta Mercosurreko sei herrialdeen arteko truke askerako hitzarmena. ELB sindikatuaren ekimenez, tokiko erakundeek bertako laborantzari babesa erakutsi diote.
Konkurrentzia desleiala, ingurumenari kalteak eta funtsean tokiko laborarien desagertzea: ELB sindikatuak arrisku argiak ikusten ditu Mercosur Hego Amerikako lau herrialderen espazio ekonomikoaren eta Europar Batasunaren arteko truke askerako hitzarmenean. Hala, Ipar Euskal Herriko herriko etxeekin lanketa bat egin du, eta Aiziritzen aurkeztu zuten atzo. Atzotik, Aiziritzeko sartzeetan, herriaren izena duen seinalearen azpian, "Mercosur-etik kanpoko herria" dioen ikur bat dago.
Orotara, Ipar Euskal Herriko 38 herrik erran diote akordioari ezetz, eta Baionako Herriko Etxeak ere halako erabakia hartu duela jakinarazi zuen atzo. Chantal Erguy Aiziritzeko auzapezaren hitzetan, "deus onik ez du ekartzen akordioak, prezioak eta kalitatea apalduko direlako". Kalte ekologikoak ere hizpide izan zituen, Atlantikoz gaindiko garraioa emendatuko baita hitzarmen honen ondorioz.
"Frantziak laborariak sakrifikatzen" dituela salatu du ELB sindikatuko Julen Perezek. Mercosurreko herrialdeei armamendua eta puntako teknologia saldu ahal izateko, trukean laborantza kaltetzen duen hitzarmena izenpetu dutela dio sindikatuak, eta lotura egiten du azken asteetan DNKren ondorioz izandako "errepresioarekin". Hala, laborarien aurka egiteko estatuak jada "eskularrurik ez duela ematen" dio Perezek, izan akordio ekonomikoen bidez, izan polizia laborarien aurka oldartuz osasun krisietan.
Europar Batzordeak hitzarmena laborarientzat kaltegarria denik ukatzen du, eta Mercosurreko merkatua muga-zergarik gabe irekitzen zaiela dio Bruselak, elikagaien segurtasunari buruzko neurriak argitzea eta hauek haragien kasuan zorroztea ere ekarriko duela gehituz. Gainera, EBko sor-markak dituzten produktuak Mercosurren babestuak izanen direla ere azaldu dute, hauek gaur egun imitazioak dituztelakoan.
Une erabakigarriak aste honetan
Ursula Von der Leyen buru duen Europar Batzordeak hitzarmena aste bukaerarako onartua izatea nahi luke. Lehenago, baina, hainbat etapa ditu prozesuak. Abenduaren 18 eta 19an Europar Kontseilua biltzekoa da Bruselan, eta frantses estatuan laborarien mobilizazio betean, garai hobeak izan litzake Frantziak hitzarmen hau bezain gai sentsiblea lantzeko. Hala, Sébastien Lecornu lehen ministroak eztabaida gibelatzeko eskaera egin du, baina Batzordeak eta Kontseiluko bertze hainbat kidek ez dute begi onez ikusi. Lehenago, baina, Europar Parlamentuak gaur bozkatzekoak ditu Batzordearen proposamenaren hainbat emendakin, eta bozkaren emaitza ez da argia. Ezezkoak irabaziz gero, Batzordeak bertze proposamen bat egin behar luke, Kontseiluaren eta Parlamentuaren baiezkoa bildu, eta prozesua luzatuko litzateke.