Donibane Garazi ()

Citadelle en scènes antzerki festibalaren hamaikagarren edizioa heldu da

Agorrilaren 19, 20 eta 21ean iraganen da aurtengo edizioa, Donibane Garaziko Zitadelan. Hiru antzerki obra ikusten ahalko dira, eta tokiko ekoizpenak izanen dira jateko eta edateko.

Citadelle en scènes antzerki festibalaren hamaikagarren edizioa heldu da
Donibane Garaziko Zitadelan iraganen da hiru eguneko festibala. EUSKAL IRRATIAK
Nahia Etxeberri Lopepe
2026/08/18 08:00

Hiru antzerki

Donibane Garaziko herriko etxeko animazio batzordeak antolatzen du festibala. Zortzi kide dira, eta urte guziz bezala, hiru antzerki konpainia ekarri dituzte herrira, Citadelle en scènes izeneko festibalaren karietara. Urtean bizpahiru aldiz elkartu dira horren prestatzeko, lan handia delako: antzerkiak hautatu, kontaktua hartu inprimatzaile, bazkide, irrati eta ekoizleekin... Azkenean, egitarau ederra osatu dute.

Agorrilaren 19, 20 eta 21ean ondoko piezak ikusten ahalko dira Zitadelan: Marcel Pagnolen Marius obra ezaguna, Jean Philippe Daguerren zuzendaritzapeko zazpi antzerkilarirekin; Claudine Darioren Lisa, Nicolas Devort antzerkilari bakarrarekin; eta Baionako Hecho en casa konpainiak eskainitako Blanche pieza, Hervé Estebetegik zuzendurik.

Informazio praktikoak

Hamaikagarren edizioa du aurten festibalak. Animazio batzordeko kide den Marie Claire Urrutik erran duenez, gehienbat inguruko herrietako jendea hurbiltzen da. Lekuko jendeek ez dute beti Zitadela ezagutzen, eta gaualdi horiei esker lehen aldiz egoten dira gazteluan. Euskarazko obrarik ez da izanen aurten ere, halakoetan jende guttiago heldu omen delako.

Ikusgarriak baino lehen jateko eta edateko izanen da, tokiko ekoizleek prestaturiko produktuekin. Besteak beste Gastellou etxeko xingar platerak, Espainiako karrikako Pantxika Otharanen gasna, Irulegiko sotoko arnoa, Laskarai foodtruckaren matahamiak...

Prezioen aldetik, gaualdi bakoitzarentzat 22 eurotan dira sartzeak, eta hiruetara joateko 50 euroko pass-a hartzen ahal da. Gazteentzat hamabost eurotan eta hamabi urte arteko haurrentzat zortzi eurotan finkatua da. Lekuak Donibane Garaziko turismo bulegoan edo lekuan berean hartzen ahal dira.

Interesgarri izanen zaizu