Beroteak airearen kalitatea okertu duenez, kutsadura mugatzeko hainbat neurri martxan dira

Atzo goizetik eta gutienez bihar arratsera arte, beroteagatik alerta gorrian da Ipar Euskal Herria. PM10 material partikulatuaren presentziak aholkaturiko heina gainditu du, eta hortaz, emisio gehigarriak saihesteko neurriak hartu ditu prefekturak.

Beroteak airearen kalitatea okertu duenez, kutsadura mugatzeko hainbat neurri martxan dira
Ipar Euskal Herriko herri gehienetan kutsadura heina mugan da, BAB inguruan berriz maila arriskutsuan. ATMO
Aimar Lopez Erasun
2026/06/22 08:23

Herri eta hiriguneetatik kanpoko errepideetan abiadura muga 20 km/h apaldu zuen atzo Pirinio Atlantikoetako prefekturak. Hala, bidearen arabera, 130 km/h beharrean, 110ekoa da orain muga, 110 km/h beharrean, 90ekoa, eta 80 km/h beharrean, 60koa.

Errepideez harago, debekatuak dira PM10 partikulak presenteegi diren bitartean hondarkinak erretzea baita mendian belarra eta sastrakak erretzea ere. Gainera, hautsak sortzen dituzten industriek ere lanean aritzeko debekua dute kutsadura arindu arte. Egoerari buruzko informazioa eta herriz-herriko kutsadura heina sarean ikus daiteke, ATMO tresnari esker. Momentuz, aurreikuspenen arabera, biharko egoera gaurkoa baina okerragoa izanen da.

Alerta gorria, luzatua

Météo Francek astearte eta asteazkenaren arteko gauera arte luzatu du beroteagatik alerta gorria. Ondorio zuzen orokorra kanpoaldean antolatuak diren jardueren debekua bada ere, herriz herri neurri gehigarriak aplikatzen dituzte herriko etxeek. Baionan, 22 eskoletatik 11 itxiak dira gaur eta bihar, eta behar duten ikasleen harrera Jean Dauger estadioko gune klimatizatuetan antolatzen du herriko etxeak. Hendaian, eskola oro 14:00tan itxiko da berantenik.

Euskal Hirigune Elkargoak joan den ostiralean hartu zituen neurriek martxan iraunen dute beroteak irauten duen bitartean.

Interesgarri izanen zaizu