Baterak Euskal Elkargoaren bilakaera instituzionalari buruzko gogoetara eraman nahi ditu hautetsiak

Euskal Elkargoko osaketa berria asteburu honetan ezagutu baino lehen, Batera plataformak hautetsiak gogoetara eraman nahi ditu gaur egungo elkargoa estatus bereziko lurralde bat bilakatzeko. Instituzioak botere gehiago ukanen luke.

Baterak Euskal Elkargoaren bilakaera instituzionalari buruzko gogoetara eraman nahi ditu hautetsiak
Batera plataformak gaur egungo Euskal Hirigune Elkargoa estatus bereziko lurralde bat bilakatzeko gogoeta abiatzea galdegiten du elkargoaren baitan. EUSKAL IRRATIAK
Lorea Mailharrancin
2026/04/08 07:00

Gaur egungo Euskal Hirigune Elkargoa estatus bereziko lurralde bilakatzeko gogoeta abiatzea galdegiten du Baterak, elkargoaren baitan. Beren iduriko, elkargoak eraman behar du eztabaida hori bere bilakaerari buruz.

Baterako kideek azaldu dute estatus bereziko lurralde bat bilakatuko balitz, elkargoa, herrien arteko kooperaziotik atera, eta botere gehiago ukanen lukeela instituzioak. Gainera herritarrek bozka zuzen bidez hautatuko lituzkete hautetsiak instituzio berrirako.

Euskal Hiriguneko mandatu hastapenetik neurriak hartzea galdegiten dute Baterako kideek. Horretarako, lau eskari egin dituzte: hautetsi bat ofizialki izendatzea gai horren ardura ukanen lukeena; lan talde bat muntatzea gai horren ikertzeko; baliabideak ezartzea eztabaida horretan (baliabide teknikoak, diru baliabideak eta langileen inplikazioa), eta, azkenik, kabinete bat hautatzea ikerketa juridiko eta teknikoak egiteko.

Batera herri mugimenduak, maiatzaren 9an Itsasuko Sanoki gelan, herritar eta eragile guztiak gomitatzen ditu biltzar nagusira.

Interesgarri izanen zaizu