Suteetatik urrun, beste borroka bat irabazten entseatuko dira gaur suhiltzaileak. Badira urteak erabaki politiko horiek galdegiten dituztela, baina aurtengo uda mugimendutsu horren kari azkartu nahi dute borroka Frantses estatuan.
Ipar Euskal Herriko hamasei sute eta sokorri zentroetatik hirutan bakarrik daude suhiltzaile profesionalak, eta hirurak Lapurdiko kostaldean dira: Angelun, Donibane Lohizunen eta Hendaian. Hirurek dituzte boluntarioak ere, eta Pirinio Atlantikoetako SDIS suhiltzaile zerbitzuak dituen 517 suhiltzaile profesionaletatik, 160 inguru daude Lapurdiko hiru kaserna horietan. Kexu dira gaur, eta suhiltzaileen intersindikalak deitzen duen greba deialdira batu dira anitz. Interbentzioak berdin egin behar dituzte laneko direnek, baina besoko baten bidez adieraziko dute mugimendura batuak direla grebalariek.
Hainbat sute larri eta indartsuren ondotik, ahal eta errekrutamendu gehiago aldarrikatzen dituzte arloko bederatzi sindikatuek. Besteak beste, larrialdi klimatikoari loturiko egokitzapena dute hizpide: geroz eta sute, misio eta erronka gehiago dituzten honetan, estatuak berehalako erantzunaren ematea galdegiten dute, batez ere finantzamenduei eta profesionalen kontratatzeari dagokienez. Kasernetan lanean ari diren langile guziek bat egiteko dei egiten dute, "suhiltzaileen osasuna eta segurtasuna lehentasun nazionala" izan dadin.
Ekipamendu berri gehiago, langile gehiago eta osasunaren jarraipen hobea galdegiten dituzte. Laurent Lafargue Angeluko suhiltzaile profesionala eta UNSA sindikatu autonomoko kidea da: «Zaila da eskasia delako arlo guztietan. Laburbiltzeko erraten ahal dugu berriz ikusi behar dela Frantziako segurtasun zibilaren sistema bere osotasunean. Gaur egun ikusten dugu zinez langilego eskasia handia dela. Bestalde material eskasa bada, ikusi dugu Europako beste herrietatik laguntza beharrezkoa dela. Boluntario asko dira eta aurten ikusi dugu ez dela suhiltzaile profesional aski zuzenki haien eramateko suteetara. Lanaren gogortasunaren ezagupena ere eskatzen dugu, horrek langileen arraberritze gehiago permitituko luke suhiltzaile profesionalen artean».
Gaur Frantziako Barne ministroarekin bildu ondoren, suhiltzaileen intersindikalak jakinarazi du ez dutela erantzun konkreturik ukan eta mobilizazio intentsiboak aurreikusten dituztela iraila bukaeran.