Baionako Herriko Etxeak 12 haurrentzako lekuko haurtzaindegi berria irekiko du 2028an, haurtzaindegietako murgiltze ereduko lekuen kopurua %9tik %12ra igoz. Baina erronka nagusia langile euskaldunak kontratatzea izanen da.
Azken herriko kontseiluan onartu dute: Baionako Herriko Etxeak 12 haurrentzako lekuko haurtzaindegi berria irekiko du Polo-Beyris auzoan, euskarazko murgiltze-ereduan. Herriko Etxeak azaldu duenez, proiektua, hein batean, eskaerari erantzuteko sortu da. Gaur egun, Baionan 33 leku daude murgiltze ereduan: horietatik 20 Luma-Baiona elkartean eta 13 San Izpiritu auzoan. Orotara, haurtzaindegietako lekuen %9 dira murgiltze eredukoak; proiektu honi esker, %12ra igoko litzateke.
Jennifer Mothes, Lehen haurtzaroko axuantak azaldu digunez mikrohaurtzaindegi honek, gainera, lehendik dagoen eskaintza osatzea du xede: "Polo Beyris auzoa hautatzeak badu zentzua. Jadanik badugu Jean Moulin eskola publikoan elebiduna, eta justu ondoan Iriondo ikastola, murgiltze ereduan. Beraz, irakaskuntza eskaintzaren segida bat dugu hor, familiei euskaraz ikasten jarraitzeko aukera ematen diena."
Bestalde, erronka nagusia langile euskaldunak kontratatzea izanen da, baina baikorki agertu da Jennifer Mothes: "mikrohaurtzaindegia osorik murgiltze ereduan arituko denez, erakargarriagoa izanen dela pentsatzen dugu, eta lan eskaintza interesgarriagoa izanen dela langileentzat." Horregatik, Konkolotx elkartearekin harremanetan jartzea aurreikusten dute. Obrak 2028ko apirilerako amaitzea aurreikusten da.