Paueko auzitegian aztertu zituzten atzo Pirinio Atlantikoetako prefeturak Sarako eta Baionako Herriko Etxeen aurka hartutako erabakiak. Euskara lurraldeko hizkuntza gisa aitortzeak koofizialtasuna ezkutatzen duela dio Frantziako gobernuak.
Euskararen “koofizialtasun moduko bat gordetzea” eta Euskal Konfederazioaren aldarrikapenari batzea leporatzen die Baionako eta Sarako kontseiluei Frantziar estatuak, prefeturaren bidez.
Arrazoia? Uztailean, euskararen aitortze sinbolikoa bozkatu zuten Baionako eta Sarako kontseiluek; prefetak ukatu zuen erabaki bat. Azkenean, atzo deitu zituzten Auzitegi Administratibora. Prefeturaren arabera, delibero sinbolikoa eta Euskal Konfederazioaren aldarrikapen politikoak nahasi dituzte herriko etxeek. Euskararen koofizialtasun modu baten gordetzea leporatzen diete eta susmoa dute bat egin dutela Euskal Konfederazioaren aldarrikapenekin.
Erabakia astebetean jakin beharko lukete, baina anartean justizia mailan bururaino joateko prest direla aipatu digu Pantxo Etxegarai Baionako hizkuntza politikarako hautetsiak.