Kanbon, hirugarren aldiz Argitxu Hiriart Urrutyk zerrenda ezkertiar abertzalea aurkezten du Kanboko hauteskundeentan. 'Nahi dugun herria' listakoentzat, ingurumenaren defentsa, elkartasuna eta euskararen defentsa izanen dira ardatz nagusiak.
Nahi dugun herria lista abertzale eta ezkertiarra aurkeztuko da Kanbon hurrengo herri hauteskundeetan, Argitxu Hiriart Urruty zerrenda-buru. Proiektua aurkeztu du bere ondoan egon diren kideekin: Joana Anchordoqui, Julien Linkemper, Charlotte Evrard eta Philippe Bakardatz. Ingurumenaren defentsa, elkartasuna, elkarbizitza, ekonomiaren dibertsitatearen defentsa, etxebizitza mailan diren beharrei erantzutea eta euskararen defentsa izanen dira taldearen lan ildoak.
Adierazi dute gaur Kanbo ekintza sozialik gabeko herria dela eta arlo soziala garatu nahi dute jendarteko loturak sortuz. Hala nola auzoetako komiteak sortzea proposatzen dute. Marieniako proiektuaren eta abiadura handiko trenbidearen (AHT) aurka argiki posizionatzen direla azpimarratu dute.
Euskararen lekua beren erronka nagusienetariko bat dela adierazi dute eta euskarari behar den lekua eman nahi diote, Kanbo eredu bat bilakaraziz. Bestalde, Batera plataformarekin eraman nahi dute lana Ipar Euskal Herria estatus bereziko lurralde kolektibitate bat bilaka dadin.
Argitxu Hiriart Urrutyk oroitarazi du 2014an listak %28ko emaitza ukan zuela eta lau hautetsi herriko etxean zituztela. 2020an, berriz, %48ko emaitzari esker 8 hautetsi izan zirela beren zerrendatik Kanboko Herriko Etxean. Beraz, abertzalea berriz ere auzapez izaten saiatuko da Nahi Dugun Herria zerrendaren bidez. Urtarrilean lista osoa aurkeztuko dute.
Orain, Kanbon, Peio Etxeleku EAJko kidearen Kanbo elkartu zerrenda aurkeztuko da parean. Christian Deveze auzapezarekin ere mintzatu gira eta, erran digunaz, nahiago luke gazte bati eman bere segida baina ez digu baieztatu aurkeztuko den ala ez.