Euskal Herria, etorkizuna, itxaropena lelopean ospatuko dute, eta Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak burujabetza aldarrikatu nahi du egun horretan, kideek kezkagarria atzematen duten gaurko testuinguru politikoa kontutan hartuz.
Aurten, Aberri Eguna Baionan iraganen da, apirilaren 5ean, Euskal Herria, Etorkizuna, itxaropena lelopean. Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak antolatu du eguna, burujabetza aldarrikatzeko eta gaur egungo testuinguru politiko eta sozialari erantzun bat emateko.
Antolatzaileek salatzen dute azken urteetako aurrerapausoak arriskuan direla, bereziki euskararen, laborantzaren eta ekologiaren arloetan. Eskuin muturraren indartzea eta demokraziaren ahultzea ere kezka nagusitzat jo dituzte, eta frente zabal bat eraikitzeko deia egin dute, etorkizunari begira.
Egitarauari dagokionez, goizean manifestazioa izanen da Baionako karriketan gaindi. Ondotik, tokiko mozkinekin egidako herri bazkaria antolatuko dute, eta arratsean kontzertuak izanen dira. Egitarau zehatza geroago zabalduko dute. Herritar guziak parte hartzera eta mobilizatzera deitu dituzte.