Irailaren 28an Planning Familial egiturak aurkeztutako barometro berria ezin adierazgarriagoa da: abortatzea geroz eta konplikatuagoa da Frantzian. Pirinio-Atlantikoetan, finantzamendu murrizketengatik abortatzeko aukerak gutitu ditu egiturak.
Planning Familial egiturak barometro berria aurkeztu zuen irailaren 28an. Azken daten arabera, nahiz eta abortua 2024an Konstituzioan sartu, abortatzea geroz eta konplikatuagoa litzateke Frantzian. Igurikatze denborari dagokionez, 2025an abortatzeko hitzordu baten ukaitea luzeago zen 2024an baino : lau emaztetatik hiruk aste bat baino gehiago igurikatu zuten, bi ziren 2024an. Alta, legearen arabera, emazte guziei bost egun barne eman behar zaie hitzordu bat.
Leku baten atxemaitea ere, zailagoa da : baserrian bizitzeagatik, mugitzeko zailtasunengatik edo ahal gutxi ukaiteagatik, profesional edo egitura baten atxemaitea fitesko buru hauste bilakatzen ahal da. Izan ere, legalki, medikuek eta artatzaileek haizu dute abortu baten egitearen ukatzeko: “kontzientzia klausula” deitzen da. Eta preseski, zenbakiak ezin adierazgarriagoak dira : geroz eta errefusa eta ukatze gehiago topatzen dituzte emazteek abortua galdegiteko momentuan. Abortu duen bi emaztetatik batek errefusa bat jasan du prozesu denboran. %27 ziren 2024an. Hirutatik bik jujamenduak eta presioak kondatzen dituzte. Horrez gain, sare sozialetan eta interneten biderkatzen den desinformazioak ere ondorioak ditu. Eskuin muturrak eta hedabide zonbaitek bultzaturik, informazio faltsuak zabaltzen ari dira, emazteek aborta ez dezaten, eta batez ere kontrazepzioa har ez dezaten.
Zenbaki ikaragarri horien parean erabakiak hartu behar direla dio Planning Familial egiturak. Alde batetik, kontzientzia klausula horren kentzea galdegiten dute: estigmatizagarria izaiteaz gain, emazteen aukerak azkar murrizten ditu. Frantziako ginekologo eta obstetrikalarien biltzarrak kentze hori jadanik galdegin zuen 2025ko ekainaren, ondoriorik gabe. Bestalde, abortatzeko epearen luzatzea sustengatzen du. Gaur egun, hamalau aste arte baizik ez da abortatzen ahal. Beste herrialde batzuetan bezala tarte hau 22 aste arte luzatzea eskatzen du egiturak.
Pirinio Atlantikoetan, diru murrizketa dela kausa
Hélène Hiel medikua da Pirinio Atlantikoetako Planning Familialeko ardatzean. Ardatz hau, departamenduak diruztatzen du, partez. Alabaina, Hielek azaldu digun bezala, azken urte horietan, finantzatzearen ttipitzea erabaki du : 2024an, %10z murriztu zuen buxeta; 2026an berriz murriztu aitzin. Hori dela eta, normalki kontsultatzeen gauzatzeko zituzten hamazazpi orenetatik hamarrera pasa dira. Oren guttiago, beraz, abortu kontsultatzeendako denbora guttiago. Horren ondorioz, laguntzaileek egutegiaren erdia blokatu behar izan dute, abortu galderei erantzuteko gisan : gaur egun, hamar oren horien erdia abortuei eskaintzen die.