CR eta ELB sindikatuetako laborariak Ahurtiko ateratzea blokeatzen ari dira ostiral gauaz geroz. Mugimenduak igandera arratsera arte iraun dezake. Ostegunean, Frantziako estatuak burutu Ariège aldeko 208 behi tropen erailketak sua hauspotu du.
Ehun bat traktore bildu dira ostiral gauean Ahurtiko ateratzean A64 autobidea blokeatzeko Coordination Rurale eta ELB sindikatuek deiturik. Baionatik Okzitaniako Tolosarat buruz joaten bada Beskoitzen atera behar da. Beskoitzetik Tournayraino moztua da A64 autobidea bi norabideetan. Frantziako gobernuak erabaki du behi tropa osoak erailtzea Dermatosis Nodular behi eritasun kutsakorra geldiarazteko. Ostegunean 208 behi hazkuntza erahil zituzten osagarri zerbitzuek eta horrek laborari frankoren haserrea eragin du. Biarnoko autobideko puntu desberdinetan ere bildu dira laborariak. Istiluak izan dira polizia eta laborarien artean bereziki Lescarren ostiral gauean. Lasto balotei su eman diete laborariek eta poliziek gas negargarriekin erantzun diete. Prefetak agiria igorri du mobilizatu diren 230 polizia eta jendarmeak eskertuz eta ekintzak salatu ditu azpimarratuz prokuradoreari galdea egin diola gaztiguak plantan ezartzeko.
Coordination Ruraleko Jean-Bernard laborariaren ihardukitzea Ahurtitik:
Mahai ingurua galdetzen dute behi hazleek Akitania Berriako prefeta guztien artean
Behi tropa osoen erailtzeak gelditzeko galdegiten dute laborariek DNC behi eritasun kasua hazkuntza batean gertatzen denean. ELB sindikatuak ere agiria plazatu zuen barda. Oroit ELBk deiturik 200 bat laborari eta herritar mobilizatu zirela ostegun arratsean Donapaleuko jendarmeriaren aitzinean, Frantziako Estatuak DNC eritasunaren kontra eramaten duen politika zentzugabearen salatzeko ELBren hitzetan. Su bat piztu zuten belar eta lasto baloten bidez, "DNC : MASAKREARI STOP" banderolaren aitzinean. Helburua zuten politika eta errepresio horiek laborarien ofizioa sutan eta odoletan ezartzen dutela irudikatzea. Agirian ELBk dio Estatuaren indarkeria oroz gainekoa dela. Gertakari zientifikoak, hazleak eta herritarrak mespretxatuz, politika larderiatsu, bidegabe eta ez-eraginkor batean tematzen dela Estatua.
Astelehenean Prefetarekin bilduko dira ELB eta Biarnoko Confédération Paysanne sindikatuak
ELBk jakinarazi du 2025eko uztailaren 15eko ministerio erabakiaren aldaketa, abenduaren 11tik goiti indarrean dena:
Txertatze kanpaina hedatua da Pirinio-Atlantikoak departamendu guziari baita Aude, Haute-Garonne, Gers eta Landes herrialdeei ere.
Behi mugimenduak debekatuak dira txertatze eremutik kanpo.
Neurrien tinkatzea 2026ko urtarrilaren lehenera arte, behi gertakari eta lehiaketak debekatuak dira, eta behi komertzio aktoreek beharko dituzte kabala mugimenduak deklaratu 24 oreneko epe batean eta kamioiak desinfektatu.
Astelehenean, abenduaren 15ean ELB eta Biarnoko Confédération Paysanne sindikatuetako laborariek Prefetarekin hitzordu bat izanen dute Pauen DNC eritasunaren kudeatze sanitarioaz mintzatzeko. Kudeatze sanitario estrategia alternatiba baten alde mintzatuko dira, orain bizi duten laborarien desagertzearen arazoa saihesteko bide bakarra delako sindikatuen ustez.