30 urte ospatuko ditu EHZ festibalak 2026an

2026ko edizioa aurkeztu dute abenduaren 10an Arrosan sinbolikoki. Edizio berezia izanen da, ekoizpen bereziekilan, "Geroaren lehen notak" lemapean.

30 urte ospatuko ditu EHZ festibalak 2026an
Arrosako zolan, lehen edizioaren tokian zuten egin aurkezpena. EHZ FESTIBALA
Antton Castoreo
2025/12/10 16:57

1996an sortu zuten Euskal Herria Zuzenean festibala Piztu eta Irulegiko Irratia elkarteek. Lehen edizioa Arrosako zolan, Sohatian antolatu zuten. Sinbolikoki, 30 urte berantago, 2026ko edizioa Arrosan ere aurkeztu nahi izan dute abenduaren 10ean.

Arrosatik Arberatzera


Bide luzea egin du festibalak azken 30 urteetan. Arrosatik hasi, eta ondotik Idauze-Mendi, Heleta, Lekorne eta Irisarri inarrosi ditu. Gaur egun Amikuzen du bere xokoa atxeman, Arberatze-Zilhekoan. 30 urtez, jende frango ibili da antolakuntzan edota laguntzaile arrunta gisan. Gaur egungo eramaileek ez zuten ezagutu duela 30 urteko lehen edizioa, baina hastapeneko izpiritua gogoan dute.

Festibaleko laguntzaileek aurkezpena egin zuten EHZren omenez Arrosan den orroit harriaren inguruan. EHZ FESTIBALA

Antolatzaileek argi dute, "aldaketa handiak gertatu dira Euskal Herrian azken 30 urteotan; aldaketak arlo politikoan, kulturgintzaren esparruan, edo euskararen egoerari dagokionez." 1996ko testuingurua ez da 2026koa, baina autogestioan segitzeko beharra senditzen dute, festibala eskaintzeko herritarrer eta 1996ko baloreen transmititzeko belaunaldiz belaunaldi.


30 urteen kari, ekoizpen bereziak


"Geroaren lehen notak" izanen da ondoko edizioaren lema, 2026 ekainaren 26-27 eta 28an iraganen da Arberatze-Zilhekoan. Edizio berezia izanen da bistan dena, 30 urteena, baina antolatzailek ez dute nahi "nostalgiarena" izan dadin. Oroitzeko beharra eta nahia bai, baina beti aitzina segitzeko. Preseski oroitzeko gisan, ekoizpen lan gotorrak abiatu dituzte festibaleko laguntzaileek.


Podcast serie bat aterako dute lehenik negu honetan, EHZren istorioari eta momentu gakoer buruz. Audi-plataformetan eta Euskal Irratiak sarean entzungai izanen da serie hori. Udaberrian, liburu bat dute argitaratuko, festibaleko protagonisten lekukotasunekilan eta argazki andana batekilan. Eta bururatzeko, 2026ko larrazkenean, gaur egungo antolatzaileen "gogoetak, ametsak eta arrangurak" aurkeztuko dituen dokumental bat hedatuko dute.

2026ko edizioaren aurkezpenean, afitxa berria ere aurkeztu dute ere bai. Inteligentzia artifizialaren erabilpenaren gorakadaren" parean, nahi izan dituzte azken 30 urteetako irudiak eta ilustrazioak erabili, kolaketa baten osatzeko.

Lehen sartzeak salgai


Usaian bezala, 2026ko edizioa 3 egunez eginen da Arberatze-Zilhekoan, egunean zehar kitorik plazan eta gauean pagatuz pentzean. Programazioa ez dute oraindik iragarri baina bizpahiru hilabeteren buruan iragarriko dituzte festibalean izanen diren lehen artistak.

Abenduaren 15ean jarriko dituzte salgai, 35 eurotan, 2026ko ediziorako eguberriko bonoak.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu